Ander García
Ttun-Kurrun, Ander Garciaren lehenengo diskoa, ez zen oharkabean igaro. Urteko jazz disko onenen artean aipatu zuen kritikak, eta azkenaldiko debutik nabarmenen artean jarri. Haren ondoren, bere taldearekin zuzenean grabatutako lan bat argitaratu zuen kontrabaxu jole bizkaitarrak —Ander Garcia Quintet Live —, eta orain euskal herri musikaren gaineko inprobisazioa ardatz duen ikerketa lan bat dakarkigu Hiru izeneko lan honetan. Egilearen beraren hitzetan, helburu argi batekin hasitako etapa berri baten abiapuntua da diskoa: “nire nortasun musikala bilatzea eta mezu bat bidaltzea inprobisazioarekin lan egiten duten euskal musikariei zein euren sustraien jabe diren gainerako musikariei”.