RS Faktor
Jazzaren munduan huts barkaezin bakar bat dago, gelditzea alegia. Barkaezina da norbera mugatzea, etsiak hartzea edo, zilegi bekit hala esatea, arraina saldutzat ematea. Jazza sekula ere ez da amaitzen eta jazza egiten osasuntsu jarraitzeko, hemen eta han bilatu behar da beti. Esakune hori erabat barneratua duen belaunaldikoa da Rubén Salvador, nahiz ez duen ahanzten nondik datorren. Kasu honetan, ez da lerro zuzena bi puntu horien (abiapuntua eta betiere berria den helmuga) arteko bide zuzenena, gure jazzmanak estimulatzen eta musika sortzera, jotzera eta diskoak grabatzera bultzatzen dituen bide bihurgunetsua baizik.
Bere tronpeta bikain jotzen jakiteaz gain, bereak dira akufeno honetako lan gehienak, eta agerian geratzen da egileak luma zorrotza duela: itsasoz eta lehorrez entzulea Galiziara eta Euskadira eramaten duten doinuak dira, bopetik hots garaikideagoetara egiten dituztenak. Iturri askotatik edaten du Salvadorrek, eta hari askotatik egiten du tiraka, ez du bere burua mugatuta ikusi nahi, eta horretarako lagun berriak eta aspaldiko ezagunak biltzen ditu ingurura, denak konposizioei forma eta bizia emateko artisautza-lanari emanak, tronpeta jotzailearen doinu gozoak inguratuz eta entzulearen belarriak uzten duen lekuraino eramanez.
Ez hartu akufenoa belarrian fokatutako trauma baten sintoma ezatsegin gisa. Jazz disko batek behar lukeena da Rubén Salvadorren akufenoa: musikaria (eta bere musika) erregistratzeko unean dagoen testuinguruaren erretratu eguneratua da. Historia handia du bizkar gainean, eta norabide bat adierazten du: etorkizuneko hotsen, harmonien eta doinuen lurraldea. Ordura arte, akufeno hau leku egokia da, edo hobe esanda, leku bakarra, Rubén Salvadorren musikan barrena murgiltzeko.