Oso zirraragarria da FMA TRIO taldeak Beasaingo Pottoko estudioetan grabatutako bere lehenengo eta izen bereko disko honetan gonbidatzen digun bidaia, “cool-ena” eta sofistikatuena den Hard Bop-etik abiatzen da eta Boogaloo-tik, Groove dotoreenetik eta Jazz Funk-etik igarotzen da. Esperimentazioaren mugetaraino ere eramaten gaitu lan honek, eta horrenbestez proposatzen digu eragin anizkoitzeko jazz-paisaia, taldea osatzen duten kideen moldakortasun apartaren erakusgarri.
Jazz hirukotearen formatuan,gitarra eta Hammond organoaren doinua dira nagusi lan honetan, izan ere, Hammond organoak berak betetzen ditu baxuaren hotsak, taldearen kategoria laukote batera goratuz. Horrenbestez, berrogeita hamar eta hirurogeigarren urteetan Jazzaren munduaren baitan musika tresna hori gaitu eta biziberritu zuten Jimmy Smith, Larry Young, Larry Goldings eta Brother Jack Mcduff bezalako izar handien zuzeneko oinordekoa dugu hirukote hau.
Aipatutako oroitzapen lauso horietatik haratago, donostiar hirukote honek esperimentazioan eta inprobisatzeko espiritu agerikoan oinarritutako jatorrizko gaien errepertorio oparoa eskaintzen digu lan honetan, aipatu eraginak gainditu eta gaurkotasun-kutsu handia ematen baitie gai guztiei.
Honako hauek dira taldekideak: Fredi Peláez, Hammond organo jotzailea eta diskoko soinu teknikaria, Musikene Euskal Herriko Goi mailako Musika ikastegian lizentziatua jazz alorrean, ekoizlea, molde eta diziplina askotako artista ugarirekin lan egina; Mikel Romero (gitarra jotzailea), gitarra klasikoan eta Jazzean titulatua, batez ere Jazz proiektuetan ibilia, nahiz eta beste estilo askotan ere jardun duen –Paláezek ondutako “Boogaloo” izan ezik, bereak dira diskora biltzen diren gainerako gaien doinuak–; Ander Hurtado de Saratxo (bateria jotzailea), musika ikasketak Iruñeko Goi mailako Kontserbatorioan eginak, hainbat Jazz taldetako kidea da.
Hammond organoa erabiltzen duten Jazz hirukoteen betiko zaporea eskaintzen digun diskoa duzu. Soilik hiru musikari handi biltzen dituen laukote dotorea.