Hiru

Euskal tradizioaren hiru adar jorratu ditu Garciak diskoan —bertsoen doinuak eta metrika, euskal dantzen erritmoak (bereziki zortzikoak) eta herri kantutegiko melodiak—, eta ikerketa-lana aurrera eramateko Juan Ortiz pianistaren laguntza izan du Garciak. Bost doinu herrikoi eta Ander Garciak berak sortutako bi konposizio grabatu ditu bikoteak El Cantón de la Soledad estudioan, Juanan Ros soinu teknikariarekin.

Imanol Larzabal kantariak Xabier Amurizaren letrarekin sortutako Mendian gora abesti zoragarriaren moldaketa eder batek zabaltzen du diskoa, eta erakusten du lanaren ildo nagusia: sustraiekiko atxikimendua eta kontentzioa inprobisatzerakoan. Kasu honetan, jatorrizkoaren armonia gorde du Garciak, baina bere bakarkako inprobisazioan zortzikoaren erritmoa eta Mikel Laboaren abesti baten melodia txertatu ditu —Laboaren eragina jada azaltzen zen Tttun-Kurrun diskoan—. Nere izarra eta Makil dantza dantza doinuetan nabarmena da Ander Garciak gaztaroan jasotako dantzari heziketa. Liliak ihesi Anderrek sortutako zortziko bat da, Josean Bengoetxearen letrarekin, lirismo handikoa eta jazzaren estandarren egiturari zor diona. Nire bertsoa da Ander Garciaren beste konposizioa, kasu honetan bertsolaritzatik hartutako egitura batekin. Pieza horretan Mikel Laboa ageri da berriz ere, Bentara noa abestiaren melodiaren bidez.

Betroiarenak ere bertsoaren egituran oinarrituta dago, baina pianistak eta kontrabaxu jotzaileak jazzaren rhythm changes-en egitura eta armonia gehitu dizkiote. Azkenik, Urxapal bat Etxahun Topet zuberotarrak sortutako abestia da. 60ko hamarkadan Ximun Haranek Lohidoy kantariari egindako a cappellako grabazio bat erabili du Garciak, eta ahotsaren gainean teklatuak eta kontrabaxua grabatu dituzte, soiltasun eta sentikortasun handiz amaiera emanez diskoari.

Hutsuneei leku egiten dien diskoa da Hiru, biluzia, pausatua eta zintzoa, sustraiekin bat egiten duena baina Euskal Herriko musikari berezkoak zaizkion baliabideen eta jazzaren arteko oreka egonkorra gordetzen duena. Ander Garciak tradiziora eta sustraidun musikara gerturatzeko ikuspegi berri bat eskaintzen digu Hiru diskoan, eta aurrerapauso handia eman du oraindik hastapenetan den baina etorkizun oparoa iragartzen duen ibilbidean.

Agian hauek ere gustatuko zaizkizu ...