My Private Circus
“My Private Circus” du goiburu Chris Kase tronpeta jotzaileak buru gisa argitara emandako zazpigarren diskoak. Bere-berea du musikari estatubatuarrak batere arrunta ez den disko hau. Badira horretarako zenbait arrazoia. Izan ere, konposizioaz eta bere ohiko musika-tresna jotzeaz gainera, beste egiteko batzuk ere bere gain hartu ditu Kasek –besteak beste, baxua eta teklatuak jo ditu, soinu teknikariarena egiteaz gain–, eta disko batean orain arte saiatu edo erregistratu ez dituen esparru estilistiko guztiz berezietan murgildu da.
Disko honetan entzun dezakegun musika talde klasikoagoetara ohituta dagoen jazz zale batengandik espero zitekeena ez bada ere, esan dezagun are bitxiagoa gertatu zela bere sorrera. Izan ere, gauza bat eta bera bihurtu baitzen piezak konposatzea, interpretatzea eta grabatzea. “Batera egin nuen dena, ez nuen deus ere apuntatu, ez zegoen –ez dago– konposizio hauetarako partiturarik. Gehienez ere sekuentzia harmonikoak jasotzen zituzten post-it batzuk neuzkan nire estudioko horman itsatsirik, besterik ez. Lan egiteko era aldatuz gero aldatzen da azken emaitza ere. Amaierarako kaotikoa ematen zuen denak, zirku bat zirudien, baina ikusle bakarra zegoen: ni neu”.