PLAY

Ingelesez eta frantsesez ez bezala, katalanez ongi bereizten ditugu “jo” eta “jostatu” aditzak, egiazki gauza beraz mintzo ez bagina bezala, musikariaren lanbidea sarritan eta zoritxarrez dadoetan jostatzea bezalakoa ez balitz bezala, musika jostaketan zehar gertatzen diren gogo aldarte guztiak adierazteko gai ez balitz bezala edo, besterik gabe, musika tresna bati soinua ateratzea jostatzen hastea –eta jokoan jartzea– bezalakoa ez balitz bezala. Diana Palau abeslariak eta Moreno Codinachs gitarra jotzaileak oso argi dute hori. Hain dute kontu hori argi ezen, beren esku balego, “jostatu” esan beharko bailitzaioke musika ateratzeko xedean objektu bat manipulatzeko ekintzari. “(Zertan) jostatuko gara?” galdetuko lioke interpretari batek beste bati.

“(Zertan) jostatuko gara?” galdetu zioten elkarri Dianak eta Joelek orain urte batzuk musika ontzeko elkartu zirenean. Orduan erabaki zuten elkarrekin disko bat egitea, Songs & Canções (2012), era askotako agertokiak ezagutzera eraman dituen elkartearen abiapuntua. Eta hori nahikoa ez balitz, aurten Play lana argitaratu dute eta, gutizia jostagarriari bide eginez, forma eta estilo ezberdinak nahasi eta adiskidetu dituzte “Nen o sol, nem a lua, nem eu” gaian Lenineren tropikalismo sentsual berriaren edertasunetik abiatu eta “Embraceable You” gerswigniarra eta Rodgest & Hart elkarte erraldoiaren “I didn’t know what time it was” interpretatzen dituzten bi standarden galaitasunera egiteko, George Harrisonen “Something” pop-jazzytik, Stingen “Bring on the Night” gaitik, Antonio Carlos Jobimen “Chovendo na roseira” abesti era berean tropikal eta dotoretik eta Jim Hallen “Down from Antigua” gaitik, ahots bakarreko pasartean Maria Joãoren modura interpretatutik, igarota. Era berean, bikain agertzen dira berek sortutako konposizioetan; “Tu respiración”, maitasun abesti malenkoniatsua; “Are You Really Gone”, balada kutsukoa; eta erabat hartzen gaituen “Blanc” gaia. Bereziki aipagarria da “No moon (la lluna en un cove, i un rave!)”, Jordi Oriol antzerkigileak idatziriko boutade zoragarria.

Standardak?, popa?, bossa nova?, abestia? Gogokidetasunetik sortutako baterako eskarmentuaren emaitza da Play, lo egon ala esna, partekatua izan den amets baten emaitza, paisaia ezberdinak bilatzeko xedean egindako ibilbidearen emaitza. Bidaian zehar bidaideak bildu dira: Jordi Santanach, Alejandro Di Costanzo, Paco Weht, Bernat Hernández, Oroitz Maiz, Guillem Arnedo eta Oriol antzerkigilea ere bai, azken hori spoken word delakoa praktikatzen. Guztiek egin diote beren ekarpena lan honetako klima anitz eta bikainari. Eta horrela egin dute Dianak eta Joelek jostatzera gonbidatu zituztelako. Zu ere gonbidatuta zaude.

 

Martí Farré