Starting

Bost musikari hauen curriculuma, une jakin batean ausaz gurutzatu ziren bost lagun hauen curriculuma oparoa bezain anitza da, urte askoan osatua. Ikasgelen babesean osatutako talde gisa egin zituzten lehen urratsak. Orduz geroztik egindako lanaren emaitza disko honetan islatzen da, talde iraunkor bat sendotzearen alde egin duen taldearen musikaren argazki leiala. Rubén Salvador ageri da talde-buru gisa, diskora biltzen diren gai guztiak izenpetzen ditu bat izan ezik (P.F.B. Satxa Soriazu piano jotzaileak konposatua da), baina R.S. Faktor ez da protagonismoak poluitutako taldea. Talde gisa egiten dute lan, talde bezala jotzen dute, eta taldearen hotsa darie. Eta hori ez da erraza, ez horixe!

 

Partekatutako musikak eta hegaldi orduek ekarritako batasun hori agerikoa da hotsa bezalako elementu funtsezko bezain oinarrizkoan. Salvadorren tronpeta eta Julen Izarraren saxoa uztartzeko modua guztiz berezia da, eta Soriazuren jolas burutsuekin, Javier Mayorren lerro hautsi ezinekin eta Hilario Rodeiroren bateriarekin aberastu egiten dela esan behar dugu. Beste musikari gazte askok bezala, Salvadorrek eta bere taldeak ez dute inon kokatu nahi beren musika, eta konplexurik gabe egiten diete keinu era askotako genero, estilo, tinbre eta erritmoei. Jazza egiten dute, bai, baina jazza aldatu egin da. Eta gure jazzak, hemengo jazzak eta gaur egungoak, talde berri bat du hirian. Bost gazte hauek oso garbi dituzte kontuak, eta hauxe jotzen dute. Zuekin, jaun-andreak, Rubén Salvador R.S. Faktor.