Neighbor
- Data: 2016-07-22
- Ordua: 22:00
- Lekua: Deba, plaza Zaharra
Maite Larburu eta Josh Cheatham dira bikote hau osatzen dutenak. Euskalduna da Larburu, eta estatubatuarra Cheatham, baina Amsterdam hirian bizi dira eta euren egunerokoa antzinako orkestrekin jotzen aritzea da. Auzo honetan entzuten den musika ordea, arrunt bestelakoa da. Izan ere, Larburuk eta Cheathamek alde batera utzi dituzte beren tresna profesionalak -ez erabat, ordea- eta ahotsa eta gitarra oinarri dituen kantu sorta bat eskaintzen digute: Folka, bluesa, Brasilgo musika eta kantu tradizionaletik hartzen duen herri kantagintza da. Larburuk sortu ditu abestiak eta haien garapen musikalaz arduratu da Cheatham; gitarra arpegiatuaz gain, mendebaldeko musika herrikoian ezohikoak diren tresnak erabili ditu horretarako, esaterako, shakuhachi-a (Japoniako flauta), sarangi-a (Indiako instrumentua) edota shruti box-a (honek ere Indian du jatorria). Ura patrikan izan zen bere aurkezpen diskoa eta bigarrena aurten kaleratuko dute.