Oso ezagutza txikia dago egiten dugunaren gainean
- Egunkaria: Berria
- Argitaratze data: 2024-11-19
Oso ezagutza txikia dago egiten dugunaren gainean
Charlie Haden jazz musikariaren lanari omenaldia egin dio Marcelo Escrich Silent Trio hirukoteak ‘Charlie Haden Songbook’ diskoan. Donostian izango dira gaur lana aurkezten.
Iturria: | Berria |
Eguna: | 2017/03/01 |
Julen Aperribai
Marcelo Escrich. Musikaria
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eskolen artean sortu zen Marcelo Escrich Silent Trio hirukotea, generoan ondo esperimentatutako musikariak izateaz gain, irakasle baitira bertan Marcelo Escrich (kontrabaxua eta moldaketak), Alberto Arteta (saxofoia) eta Luis Gimenez (gitarra). Charlie Haden (AEB, 1937-2014) kontrabaxu jotzaile eta konpositorearen piezen moldaketak Escrichen beraren hiru piezarekin tartekatzeko «pribilegioa hartu», eta Charlie Haden Songbook diskoa kaleratu zuten iaz. Donostian aurkeztuko dute gaur (20:00), Tabakalerako Kutxa Kultur gunean, eta Iruñeko Zentral aretoan, berriz, hilaren 9an (21.00).
Charlie Hadenen alderdirik ezezagunena omendu nahi izan duzu, konpositorearena.
Interprete eklektiko moduan ezagutzen dute gehienek, izan Liberation Music Orchestran, edo izan Ornette Colemanekin edo Quartet Westen. Interprete moduan zuen gaitasunak ezkutuan utzi zuen bere konpositore alderdia. Jarraitutasun handirik ere ez zuen; abesti bat edo beste sartzen zuen disko bakoitzean. Alderdi horretan egindako lana berreskuratu, eta elkartuta aurkeztea zen omenaldiaren helburua.
Zure asmoa «haren oroitzapena bizirik mantentzea» dela esan duzu, hura imitatu gabe. Askatasuna eman dizue horrek?
Askatasuna nik neure buruari eman diot; saiatu naiz abestiei buelta bat ematen, eta nire konponketak egiten, jatorrizko abestietan modu esplizituan ez zeuden gauzak erantsiz. Diskoa entzuten duena konturatuko da abestia berbera dela, baina bertsioa ez.
Identifikazio berezirik sentitzen duzu zure musikaren eta Charlie Hadenenaren artean?
Ezingo nuke halakorik esan, neure burua artista oso handi batekin konparatzen ariko bainintzateke. Haren eragina nabari dut, hura hainbestetan entzutearen ondorioz. Antzekotasuna isiltasunarekiko mirespena litzateke, eta, bestalde, lagun eta musikari onez inguratu izana.
Zein irizpide erabili dituzue abestiak aukeratzean?
Charlie Hadenek konposatu eta eskuragarri daudenen artean aukeraketa bat egin nuen, adierazgarrienekin eta guk, nolabait, molda genitzakeenekin. Ez genuen hark egindakoa bere hartan erreproduzitu nahi. Badira benetako ereserki diren konposizioak, Silence eta Spiritual adibidez, eta horiek ez ditugu ukitu, ez baitzitzaigun iruditu hark abesti horiei emandako ikuspegitik aldentzeko moduan ginenik.
Oso disko lasaia da. Perkusiorik sartu ez izanak mantsotu du erritmoa?
Bateriarik ez egotean, normala da energia gutxitzea, baina beste modu batzuetan saiatu gara energia hori biltzen. Bestalde, keinu moduko bat ere bada Charlie Hadenen figurari. Bazuen belarriko arazo bat, soinu oso karrankariak entzutea galarazten ziona, eta bere ibilbideko azken urteetan bateriarik gabe jotzen zuen sarritan.
Taldea sortu, eta hiru hilabete eskasean ikusi ahal izan da emaitza. Nolatan hain azkar?
Iaz, data honen bueltan egin nituen abestien aukeraketa eta konponketak. Entsegu gutxi batzuk egin eta gero, grabatzera joan ginen. Hiru partaideok buru-belarri sartu ginen proiektuan, eta diskoetxearekin ere [Gaztelupeko Hotsak] harremanetan jarri ginen. Prestasuna genuenez, egin egin genuen. Gehiago pentsatu izan bagenu, agian ez genukeen egingo.
Eta, disko honetatik harago, jarraipenik izango al du proiektuak?
Noski, ari gara jada hurrengo pausoak pentsatzen. Hala ere, diskoan parte hartu duen Javier Lopez akordeoilariarekin ere badugu beste proiektu bat, eta disko bat grabatu nahiko genuke. Ondoren, dena ongi badoa, jarriko gara Silent Trio taldearekin.
Ba al da benetako jazz eszenarik Euskal Herrian, udako jaialdietatik kanpo?
Eszena bat bada, musikariak egon badauden neurrian, baina euren musika aurkezteko aukera gutxi dute. Ez diot hori kexa moduan; guk aukera daukagun bakoitzean, jai moduko bat da guretzat, eta saiatzen gara entzuleari ere hori helarazten. Hala ere, pixkanaka, geroz eta publiko gehiago dago interesa agertzen duena, eta baita musikari hobeagoak ere, eskola onak baitaude. Hasi ginenean, oso gutxi ginen honetan genbiltzanak, eta, gaur egun, jende asko dago gauza oso interesgarriak egiten dituena. Kontserbatorioetan musikari asko daude, eta, jende asko elkartzen denean musikaren beraren inguruan, errazagoa da ideia berriak agertzea.
Arazoa programatzaileek ala publikoak du, orduan?
Kontua ez da inor egoeraren errudun egitea, baina, hedabideetan, esaterako, askotan exotismoan geratzen gara jazz musikariak. Jorge Rossy musikariak, adibidez, Brad Mehldau eta halako puntako musikariekin jo du, eta punta-puntako musikariekin jo du, eta ia ez zaio orri bat bera eskaini [Espainiako] egunkarietan; arraroa, behintzat, bada. Gizarteko beste esparruetan ere gertatzen da: oso ezagutza txikia dago egiten dugunaren inguruan.