zintzoa, pertsonala, interesgarria

2016-06-13

Alberto Arteta saxofoi jotzaile nafarrak zuzentzen duen taldearen bigarren diskoa da The Legacy eta ugari dira lan honekin gozatzeko arrazoiak:  zintzoa da, pertsonala, eta esateko interesgarri asko duten musikari baten eta talde baten haziera esponentzialaren lekukotasuna da. Hortaz, bidean haien urratsak eta zureak gurutzatzen badira, ez ezazu ez ikusiarena egin: musikari handia da Alberto Arteta, edonork aintzat hartzeko modukoa, alegia.

 

Egia esan, gozamena da egunez egun ikastea zeinen handia den  lurralde honetan bizi diren jazzman gazte bikainen kopurua. Hain zuzen ere musikaz (eta zer esanik ez jazza egiteaz) bizi ahal izatea egunetik egunera zailagoa den honetan, hemen su handi bat egiteko nahikoa egur dagoela argi eta garbi uzten tematzen den musikari belaunaldi oso bat dago, hogeita hamar urteren bueltan dabiltza musikari horiek. Zentzu horretan, Alberto Arteta da nire azkenaurreko deskubrimendua: saxofoi jotzaile aparta da, teknika handikoa eta soinu kalitate bikaina eskaintzen duena, musikagile gisa ideia pizgarriak proposatzen dituena. The Legacy entzunda argi eta garbi dago ez dela txantxa berea eta bidelagun dituenena: hemen dira, eta standart zaharrak esango lukeen bezala, geratzeko iritsi dira.